Ainhoa Ezeizaren txokoa
Creanova Proiektuaren nondik norakoak PDF fitxategia Inprimatu E-posta
Nire esperientzia proiektuetan
Asteartea, 2010(e)ko otsaila(r)en 09-(e)an 06:57etan

Creanova Proiektuaren nondik norakoak: laburpena

2010eko urtarrilaren amaieran Finlandiara joateko aukera paregabea izan nuen, Creanova Europar Proiektuaren diseinu esperimentala argiago definitu eta ikerketaren parte praktikora pasatzeko fase horretaz hitz egiteko

Negu gorria Helsinkin aurten. Itsasoa izoztuta ikustea harrigarria benetan!

 Creanova Proiektuan (2009-2011) jakin nahi genuke zein diren ikaskuntza-testuinguruan sormena lantzeko giltzarriak ikasle horiek lan-esparruan berritzaile izan daitezen, hitz gutxitan esanda. Horregatik, bizitza osoan zeharreko ikaskuntza, lan-testuinguruetako ikaskuntza eta Lanbide Heziketa dira gure azterguneak.

 

Europar Batasuneko Lifelong Learning Programaren barruan dago proiektua eta hauek dira parte hartzen duten herrialdeak edo eskualdeak: Eskozia, irlanda, Estonia, Italia, Akitania eta Euskadi.

 

Lanbide Heziketa, enpresa teknikoak eta kreatiboak eta gobernuak ari dira proiektuan.

Gehiago jakiteko webgune ofiziala hauxe da (oraindik hornitzen gabiltza): http://creanova-project.eu/ Laster Facebook-en ere izango du txokoa.

 

Orain arte, proiektuan marko teorikoa finkatzen aritu gara. Hau bereziki zaila izan da baina, aldi berean, oso aberasgarri: partaide bakoitzaren ikuspegia desberdina zen, diziplina askotariko pertsonak aritu baikara lan horretan: soziologo, psikologo, pedagogo, irakasle, arte ederretako aditu... Nork bere hizkuntza du eta akordiotara irizteko lan handia egin behar izan da, bereziki gure unibertsitatearen barruan, ardura nagusia geuk hartu genuen eta.

Bibliografia astindu eta herrialde desberdinetako autore eta ikertzaileen lanak aztertzeaz gain, prozesu paraleloa zabaldu genuen: herrialde bakoitzak hainbat praktika on identifikatu zituen, bere testuinguru zehatz horretan bikaintzat hartzen diren praktikak, hain zuzen ere. Ondoren, praktika horien ezaugarriak aztertu eta ondorio teoriko batzuk erauzi genituen. Zorionez, ondorio horiek koherenteak ziren marko teorikoan hartutako bidearekin.

 

Creanovako marko teorikoa nola eraiki den

 

Prozesu horretan, jarrera batzuk erabaki dira proiektuaren oinarri izango direnak:

  • Sormena ez da garatuko talentuaren ikuspegitik. Sormena gizaki orok duen gaitasun gisa definitu da, hortaz, gara daitekeen kualitate gisa
  • Berrikuntza gizartearen hobekuntza bilatzen duen ekimen gisa definitu da, gizarte-berrikuntza, berrikuntza ekonomiko hutsetik haratago. Berrikuntza mota hori hobetsiko da gure proiektuan, hala, praktika bikaina izango da berrikuntza-mota hori bilatzen duena eta ikaskuntza-prozesuetan hori bultzatuko da.
  • Sormena eta berrikuntza ulertzeko modu asko dago. Proiektu honetan, ikaskuntza-prozesuetan eragitea ahalbidetzen dutenak hartuko dira kontuan, ikaskuntza baita arretagune, pertsona helduen ikaskuntza, lan-munduari begira dagoen ikaskuntza, eta testuinguru horretan hartuko dira erabakiak.

Izan ere, asko eta asko idatzi da sormenaz eta berrikuntzaz, ikuspegi askotatik, baina aipatutakoak dira proiektu honen ardatzak, definizioz, bestelako bideak badaudela jakinik ere. Ez naiz hemen jarriko eztabaidatzen zer den berrikuntza eta abar, proiektuan termino horiek lantzeko eskaria jaso genuen eta horregatik ari gara hitz horiek erabiltzen, nahiz eta orokorrean nahiko kritikoa naizen "Berrikuntza" hitzaz egiten den erabilera publizista horrekin.

 

Hurrengo artikulutxoan: sormena eta espazio fisikoa (laster...)

 
2009-2010 ikasturtea: irakasgai berriak PDF fitxategia Inprimatu E-posta
Nire CVa
Igandea, 2010(e)ko martxoa(r)en 07-(e)an 11:05etan

2009-2010 ikasturtea: berdonostiartartzen

Ikasturte hau Gasteizen hasi eta berehala, azaroaren hasieran Donostiara mugitzeko aukera izan nuen. Hautaketa zaila izan zen, ez baitzegoen garbi zenbateko iraupena izango zuen kontuak, eta aldi berean beste eskaintza interesgarri bat jaso nuen. Azkenean, nire lan-ibilbidearen logikari segitu nion, behatzak gurutzatu eta Donostiara itzuli nintzen lanera, Donostiako Irakasleen Unibertsitate Eskolara, hain zuzen ere. Orain, lehengo sail berean nago, Hizkuntza eta Literaturaren Didaktika, Donostiako sekzioan.

Aldaketa korapilotsua izan zen, Gasteizko ikasleak tutorizatzen jarraitzen nuen eta aldi berean, bi irakasgai berri prestatu behar nituen berehalakoan, kontratua sinatu bezain laster hasteko. Orain unibertsitatean irakasgaiak aldatzen ari direla, bitxia egiten zait nola larritzen diren lankide batzuk irakasgaia aldatu behar dutelako, hobeto esanda, zertxobait moldatu, eta beste batzuok 48 ordu edo gutxiago izaten ditugu irakasgai bati heltzeko, gainera beste pertsona batek hasitakoa eta ikasleak haserre, klaseak galdu dituztelako.

Orain lasaixeago nabil, beste bi irakasgai berri ditut bigarren lauhilabetean baina behintzat, berkokatu naiz, berdonostiartu, eta orain hobeto sentitzen naiz. Lanera pasiatzen edo bizikletan joateak benetan asko laguntzen du.

 Magisteritza Eskola elurtuta, webgune ofizialetik hartua

Irakasgaiak:

1. lauhilabetea:

- Elebitasuna eta Hezkuntza (gaztelaniaz), 1. mailako enborrezkoa, Lehen Hezkuntza eta Heziketa Bereziko espezialitateko ikasleekin. irakasgai honetan ikasleek oso partaidetza handia izan dute, irakasgai teoriko huts izatetik teoria eta praktika ondo uztartzeraino. Metodologiaren oinarria: ikasleek beraiek formulatu dituzte irakasgaiaren oinarri diren galderak, galdera intuitiboak, eta gero erantzuten joan dira, neure feedbackaren laguntzaz, teoriara eta ikerketetara joz eta interpretatuz. Irakasgaiaren gune birtualerako esteka: http://ainhoaezeiza.edumoot.com/course/view.php?id=5 (bisitari gisa sartu).

Ikasleek asko disfrutatu dute eta iruzkin onak egin dizkidate. Zoritxarrez, irakasgai hau ez da existituko datorren ikasturtetik aurrera, beraz, ezin berrerabili eta hobetu.

 

- Hizkuntza eta Literaturaren Didaktika (gaztelaniaz), 2. mailakoa, enborrezkoa (nik bakarrik Hizkuntza atala), Heziketa Bereziko espezialitateko ikasleekin. Irakasgai hau ezin izan dut eman nahi nukeen bezala,4 aste baino ez ditut izan, eta erdian ikasleak praktiketara joan dira. Zentzu horretan frustrante samarra izan da, baina ikasleek, hala ere, esker ona erakutsi didate, oso enfoke praktikoa izan duelako eta, aldi berean, teorian esaten dena ulertzen lagundu omen diet. Beraiek gustura, neu ez horrenbeste, baina tira! Datorren urtean berriz emango dut (ustez) eta orduan hobetuko dut. Irakasgaiaren gune birtualerako esteka: http://ainhoaezeiza.edumoot.com/course/view.php?id=6 (bisitari gisa sartu).

Irakasgai hau da gehien gustatzen zaidana, esan daiteke hau dela nire espezialitatea.

 

2. lauhilabetea:

- Practicum II (euskaraz). Lehen Hezkuntzako espezialitateko 27 ikasle tutorizatzen ari naiz, ikastetxe desberdinetan banaturik. Euren zeregin nagusia da unitate didaktiko bat diseinatu (edo aztertu), aplikatu eta ebaluatzea. Taldeka antolatu ditut nahiz eta zentru desberdinetan egon, elkarren artean diseinuak alderatzeko. Gaitasunen kontzeptua ulertzea da gehien kostatu zaiena -ez nau harritzen- baina uste dut ideia zehatzagoa dutela buruan aurrez aurre egin genuen bileraren ondoren. Gune honek ere espazio birtuala du baina ezin da sartu gonbidatu gisa, haurren eta eskolen inguruko iruzkinak egiten dituztelako, baita argazkiak igo. Saiatuko naiz, amaitzen dutenean, artikulutxo bat idazten hainbat kontu laburtzeko.

 

- Espainiar Literatura III (gaztelaniaz). Esperientzia-geletako Giza-Zientzien Unibertsitate Tituluko irakasgai honek benetan Lengua y Literatura III izena du baina antolaketa-kontuak direla eta, departamentuan eskatu didate espainiar literatura lantzeko, XVIII. mendetik XX.era. Ikasle hauek euren jakintza hedatzera datoz, ez titulu baten bila, eta horregatik malgutasun handiagoa dago programa diseinatzeko. Beraiekin Blogger erabiltzea erabaki dut, ze ikasle hauetako batzuk 1. mailan zeudenean Carmen Camps irakaslearekin Erasmus ikasle atzerritarren tutore izan ziren.

Ikasle atzerritarren gaztelania ikasteko blog bat idazten dute eta Esperientzia-geletako Lengua irakasgaiko ikasleei eskaintzen zaie hizkuntzarekin laguntzeko, hala atzerritarrek hizkuntza ikasten dute eta Lengua irakasgaiko ikasleek hizkuntzaren ikuspegia aldatzen dute, nola ikasten den ikusita. Zehar bidez, IKTetara hurbiltzen dira eta bi taldeetan kulturartekotasuna (eta adinartekotasuna) lantzen dute.

Hori dela eta, ikasle batzuek Blogger ezagutzen dute, gmail kontua dute eta pittin bat errazten zait IKTetan mugitzea. Irakasgai honen berri izateko, bloga bisitatu: http://laliteraturaesuntesoro.blogspot.com, bertan duzue programa eta astez aste kontu berriak argitaratzen ditugu. Ikusiko duzuen bezala, "konplize" bat lortu dut, Mariano Ramos Mejía, Twitterren @_Orientar_, nire buruaren parte sortzaileena piztuta mantentzen didan txiolaria.

Datorren ikasturtean, Elebitasuna eta Hezkuntza ez dut emango baina bai Komunikazio Gaitasunaren Garapena - Gaztelania, Lehen Hezkuntzako espezialitatean (ECTS kreditutan, gradu berrian). Antza, berriz hartuko ditut Erasmuseko ikasle atzerritarrak (Español para extranjeros - nivel elemental) eta ez nago ziur zer "kenduko" didaten. Hori dena, orain nagoen lekuan jarraitzen badut (batek jakin!).

 

Hori dena kontatzen dizuet beharbada baten bati bururatzen zaiolako nola egin lan zerbaitetan elkarrekin. Ikertzaile serioa naiz baina oso irakasle jostalaria. Erasmus ikasleekin lagun asko izan ditut nirekin jolasean (@oscarcillo, @AliyCia, @monfor, @eRomanme, @mundaysa...) eta Literaturan ere bai (aipatutako @_Orientar eta @dificildejuglar, @nanastar...). Ikusten duzuen bezala, ongietorriak zarete nahi duzuenok.

 

Hurrengo batean hitz egingo dut proiektuen egoerari buruz...

 

 

 

 
Ero-eroak gara! #bazarlocos abuztuaren bihotzean PDF fitxategia Inprimatu E-posta
Azken berriak
Osteguna, 2010(e)ko abuztua(r)en 26-(e)an 14:53etan

Eroak gara eta harro gaude!

Halakoxea da #bazarlocos proiektuan parte hartzen ari garen gehienon leloa. Ero egon behar egunero gure pozak eta ezbeharrak, ideiak, baliabideak eta albisteak sarean argitaratzeko, ezezagunekin mezutxoak trukatzeko eta bizitzari umore punttua bilatzeko makro-elkarrizketa etengabe horretan. Twitterrez ari naiz, baina tresnaz, bertan dabilen jendeaz baizik.

 

twitter background @ainhoaeus

 

 Zer da #bazarlocos ba?

 #bazarlocos, @bazarlocos edo http://www.elbazardeloslocos.org/ elkarlanean garatzen ari den proiektu bat da, @eraser eta @FrancescLlorens txiolariek sustatua, liburu ireki bat idazteko, Novadors Edicions eta Bitiji argitaletxeen laguntzaz. Nahi duenak bere Twitter esperientzia idatz dezake bertan, bidali eta webgunean argitaratu (2010eko irailaren amaiera bitartean). Ideia da erakustea anabasatik, azoka desantolatutik adimen kolektiboa erna daitekeela, halako kontzientzia kolektiboa. Era berean, ikusgarritasuna eskaintzen zaie normalean botere handiek ezkutuan uzten dituzten ekimenei. Txikienok ere badugu zer esana mundu honetan!

Open book - El Bazar de Los Locos (imagen enlazada de la web)

 

Eta hori baino gehiago da gainera: artikuluetan iruzkinak egin daitezke eta Twitterren #bazarlocos etiketaren bidez elkarreraginean jarraitu, pertsona interesgarri gehiago ezagutu eta proiektua sarean hedatu.

 

Zergatik "bazar" hitza?

Ez dago inon azalduta baina susmoa dut zerikusi handia duela irakurri beharreko artikulu honekin:

Raymond, Eric S. La Catedral y el Bazar (itz.: José Soto Pérez)

(informazio gehiago:  http://es.wikipedia.org/wiki/La_catedral_y_el_bazar)

 

Izan ere, ikaragarri ikasi dugu software askearen mugimendutik, besteak beste, elkarlanak izugarrizko fruituak eman ditzakeela, batez ere, munduan zehar barreiatuta dauden "eroak" ari direnean lanean.

Beste ideia garrantzitsu bat da Raymond-ek artikuluan aipatzen dituen Linus Torvalds-en hitzetatik eratortzen dena:

 

"Azkar askatu eta maiz, delegatu ahalik eta gehien, irekia izan promiskuitateraino"

 

Twitter baino tresna promiskuoagorik... ideien aldetik diot, noski ;) Ideiak eta ideien zirriborroak partekatzen ditugu, ideia horiekin batera doazen emozioak, testuingurua, "toma faltsuak", ozenki pentsatzen dugu eta ideiei forma ematen diegu, edo agian ideia baztertzen dugu baina beste norbaiti zerbait pizten lagundu diogu...

 

Nire partaidetza #bazarlocos-en

Oporrak hartu berritan, europar proiektuko lan presazkoenez arduratzen, tesia buruan eta nire urtebetetzearen ospakizunak prestatzen... baina nola egin uko halako gonbidapenari? Hauxe da bidalitako artikulutxoa:

Comunicación no de masas en Twitter: aprendizaje, juego e identidad

Horrez gain, hainbat artikulutan nabil iruzkinak idazten, denborak eta patxadak aukera ematen didanean. Zure artikuluak eta iruzkinak ere ongietorriak izango dira bazar ero honetan!

 

 
Literatura-eskolak Mariano Ramos Mejía-rekin (@_Orientar_) PDF fitxategia Inprimatu E-posta
Hausnarketak eta ideiak
Igandea, 2010(e)ko abuztua(r)en 22-(e)an 10:00etan

Literaturarekin jolasean Mariano Ramos Mejía-ren laguntzaz

2009/2010 ikasturtearen erdian Donostiako Irakasleen Unibertsitate Eskolan hasi nintzenean irakasgai berriak ematea egokitu zitzaidan oso denbora laburrean. Horietako bat Literatura irakasgaia izan zen, Esperientzia Geletan.

 

Aulas de Experiencia - Esperientzia Gelak - Araba

 

Esperientzia-gelak 55 urtetik gorakoentzako eskolak dira, 4 urtetan unibertsitate-titulu bat lortzeko aukera ematen dutenak: Giza Zientzietako Unibertsitate Titulua. Denetariko ikasleak datoz: berdin izan dezakezu klasean idazle bat, merkatari bat, irakasle bat edo etxekoandre bat, 55 urte bete berria edo 80 urtetik gertu dagoena... horrela 48 ikasle. Baina guztiok dute ikas-mina, jakin-mina eta bizitzari zukua ateratzeko gogoa. Horrek egiten ditu berezi.

 

XVII mendetik XXrainoko Espainiar Literatura emateko enkargua eman zidaten, niretzat guztiz berria. Ni Hizkuntzen arloan mugitu izan naiz betidanik eta Literatura ikuspegi historikotik aspaldi ez nuen aztertu, urteak.  Eskolak astean bi egunetan nituenez, astearteetan, saio laburrean (1h), literaturaren parte kronologikoa landu nuen, eman zidaten programa txintxo-txintxo errespetatuz. Ostegunetan, berriz, bi ordu genituenez, literaturarekin jolasteko proposamena egin nien ikasleei.

 

Literaturarekin jolasean

Osteguneko saiorako programa prestatu banuen ere, askatasuna izan nahi nuen ikasleen erantzunaren arabera proposamenak moldatzeko edo aldatzeko. Horregatik, honelaxe argitu nien osteguneko plana:

"Ostegunetan sorpresa izango dugu, ez dizuet aurreratuko zer egingo dugun baina prest etorri idazteko, hitz egiteko eta irudimena astintzeko"

 

Horrekin batera, interneten leihotxo bat zabaldu nien, blog batekin:

 

1. posta - 1º post

 

Ikasle hauek ez dute trebetasun handirik ordenagailuetan eta ez da gauza erraza 48 ikasle ordenagailu-gelara eramatea (behin egin nuen, esperientzia polita izan zen baina oso korapilotsua) baina nahi nuen beraiek sentitzea zer den sarean aktibo izatea, ez soilik informazio-kontsumitzaile. Horregatik, batzuetan lanak paperean ematen zizkidaten edo epostaz eta nik argitaratu blogean.

Ostegunero, proposamen berri bat ekartzen nien programari lotua, gero eta proposamen ausartagoak, konplexuagoak eta beraiek gero eta asebeteago sentitu dira, libreago idazteko eta irakurtzeko. Literatura euren eskuetaraino iristea izan da helburua, euren burua gutxietsi gabe. Nolabait esateko, literaturaren demokratizazioa bilatu dut.

 

Mariano Ramos Mejia-ren laguntza ezinbestekoa: @_Orientar_, #seispalabras eta #ClubSeis

Literaturarekin jolasteko inspirazio-iturri ezinbesteko izan dut Mariano Ramos lauhilabete honetan. Twitterren ezagutu nuen Mariano, bere @_Orientar_ kontuarekin. Bere webgune profesionalean enpresa-aholkularitza lantzen du: 

http://orientaronline.com.ar/site/

Eta bereziki gustuko dut  orientaziorako blog hau:

http://blog.orientaronline.com.ar/

Gai horiek asko gustatzen zaizkit, besteak beste Laneko Psikologian espezializatu nintzelako. Betidanik izan dut enpresa-psikologiarako joera eta oso atsegina da ikustea nola lortu duen Marianok orientazioa eta ikaskuntza elkartzea, oso post didaktikoak egiten baititu.

Ba Marianok gainera alderdi sortzaile-artistiko ederra du, sormena asko garatzen baita hizkuntzarekin jolasean eta horren oso jakitun da bera. Ederra izan da bere "Microclimas" webgunea, oso inspiragarri:

http://microclimas.tumblr.com/

Orain, gainera, #ClubSeis webgune bihurtu du eta larunbateko jolasa bertan geratzen da bildurik. Nola, ez dakizu zer den #ClubSeis? Ba larunbateroko jolas bat, sei hitzetan zerbait adierazi behar da egun horretan proposatzen den hitza erabiliz. Begira webgunean:

http://www.clubseis.com.ar -> Hemen, #ClubSeis-eko arauak

Ikusten duzuen bezala, Mariano oso jostaria da eta Literatura-saio hauetarako gakoa eman zidan:

" Kontua ez da zure bizitzako esaldirik ederrena sortzea; hori bilatzen baduzu ez duzu ezer idatziko. Ez mugatu zure burua, gogora etortzen zaizuna bota ezazu eta gozatu jolasarekin. Etorriko dira esaldi politak"

Horixe behar zuten ikasleek: urteak eta urteak eman dituzte euren pentsamenduak lerro zuzenera ekartzen, euren sormena mugatzen eta zenbait kasutan, emakumezkoen kasuan batik bat, euren burutazioak gutxiesten. Hesi horiek hausteko erronka izan da literatura-saio hau.

 

Marianok inspiratu nau, ideiak eman dizkit, baita animoak ere aurrera segitzeko... irakasleok badakizue zer den klasetik sentsazio txar horrekin irtetea eta animoak oso ongietorriak dira halakoetan, baita klase on baten amaieran sentitzen den gorakada hori entzuten duen inor egotea ere. Marianok gatza bota die nire klaseei eta horri esker, ikasleak protagonista sentitu dira,euren sormenekin eta aldamenekoekin gozatu dute eta gainera, internetez zituzten aurreiritzi asko gainditu.

Hementxe dituzue gure blogean elkarrekin egin ditugun gauzatxoetako batzuk:

 

Halakoxeko esperientzia interesgarriak garatu daitezke Twitter bidez. Benetan erotuta gaude!! Eta ero gehiago baleude munduan...

 

 
Kronika: Pintxos&Blogs, Irakaskuntza eta IKTak PDF fitxategia Inprimatu E-posta
Azken berriak
Larunbata, 2010(e)ko apirila(r)en 24-(e)an 07:54etan

Gaueko tertuliak: Pintxos&Blogs-en IKTak eta Irakaskuntza hizpide

Berandu, oso berandu dakart kronika hau, bizitzako olatuak kolpeka bainarama aldez alde, baina ez nuen ahaztuta, zerbait argitaratu nahi nuen hemen, gutxienez nik neuk gogora dezadan, nire webgune ero hau nire oroimena baita, neurri handi batean.

Nire lehenengo Pintxos&Blogs ekitaldia zen, normalean ama-lanetan aritzen naiz ostiral gauetan baina oraingoan eskapatu nintzen gustura orduak eta orduak erabiliko nukeen gai bati buruz hitz egiteko gonbitea jaso nuelako. IKTak eta Irakaskuntza. Zenbat ideia etorri zitzaidan burura...

Makgregoryk bideoan jaso zuen ekitaldiaren lehen zatia, jator-jator. Aurkezpenak amaituta, grabatu gabeko tertulian jarraitu genuen lokaletik irterarazi gintuzten arte (bide batez, oso atseginak Via Forakoak. Zerbitzarien artean ikasle ohi bat identifikatu nuen, lan bikaina egin zuen portzierto).

Lehenik, Tere Dorronsorok IKTen ibilbide historikoa azaldu zigun, nola joan ziren tresnaz tresna pasatzen Ataungo ikastolan. Asko gustatu zitzaidan bere aurkezpena. Alde batetik, IKTen erabileraren historia ez da horren luzea. Asko aldatu da urte gutxitan, gure buruak ez doaz horren azkar eta ulergarria da, ikuspegi horretatik, zergatik ez den horren erraza IKTen integrazioa maisu-maistren jardunean. Beste aldetik, gurasoen elkarlanak indar handia izan du Ataungo ikastolan, Terek azaldu bezala. Bidea alderantziz egiten saiatzen ari gara, IKTak gurasoengana helarazten, baina uste dut eskoletan benetako aldaketa gertatzeko alderantzizkoa gertatu behar duela, alegia, gurasoek indarra egitea IKTak eskolan integratu daitezen.

Hementxe duzue Tereren aurkezpena:



Ondoren, Maite Goñik indar eta pasioz azaldu zuen Web 2.0 irakaskuntzan integratzeak dituen alde ikusgarrienak. Maitek horretaz hitz egiten duenean mirespenez begiratzen diogu irakaskuntzan gabiltzanok, ze esaten duena oso benetakoa da, berak bilatutakoa, esperimentatutakoa, sufritutakoa ere bai. Oso ondo dakit zenbat lan egin behar den esperientzia arrakastatsuak izateko, zenbat porrot gainditu behar diren eta zenbateko animoa behar den etsi gabe aurrera jarraitzeko. Emaitza bikainak txalotzeak asko animatzen du, eta Maitek txaloak merezi ditu emaitzengatik, baina askoz txalo gehiago egindako bide luzearengatik eta bere esperientzia konpartitzeko egiten ari den ahalegin itzelagatik.

 

Bere bideoa, hemen:



Eta orduan, nire txanda iritsi zen. Ez nuen diapositibarik, ez bideorik. Esan behar nuenak debatea bilatzen zuen, horretarako paper batean idatzi nituen aipatu nahi nituen ideiatxoak eta kito. Jendeari begira hitz egin nahi nuen, jendearekin hitz egin, pantailarik gabe, bitarteko teknologikorik gabe... eta azkenean ematen du El Club de la Comedia-n nabilela jajajaja ze bitxia egiten zaidan oraindik neure burua bideoan ikusteak. Oso ondo pasatu nuen, egia esan. Informal aritu nahi nuen, kritiko eta, ahal zen neurrian, probokatzaile, kontuan hartuta ez geundela foro espezialdu batean. Dibertitu nintzen rol horretan. Garbi gera dadila esandakoa kontrastagarria dela, berriketan zehar ihes egin zidan ideiatxoren bat kenduta.

 

Bi bideotan dago aurkezpena banaturik:


Eta hemen, bigarrena:


Plazer handia izan zen desbirtualizazio masiboa: @condedelamaza @MunduJr @Teredorronsoro @aberiain @TxominDD @anamalagon @trourist @bizargorri @kortabitarte eta gehiago!! Eta igande honetan, bihar, apirilak 25, Picnic&Blogs Cristina-Enean, ederki pasako dugu!!

 

Ekitaldiaren iragarkia: http://www.facebook.com/pintxosyblogs#!/event.php?eid=373235611860&index=1

Makgregoryren kronika zehatza: http://makgregory.blogspirit.com/archive/2010/04/13/mi-cr%C3%B3nica-sobre-el-pintxos-blogs-sobre-tic-en-la-ense%C3%B1anza.html

 

 
<< Hasiera < Aurrekoa 1 2 3 4 5 6 7 Hurrengoa > Amaiera >>

Orria: 1 Guztira: 7