Larunbata, 2011(e)ko otsaila(r)en 19-(e)an 10:40etan
Proiektuetan Oinarritutako Ikaskuntzaz ikasten: BIEren tailerra Da Vinci School-en
Euskal Herriko Unibertsitateko BEHATU izeneko programari esker, 2011 urtearen hasiera-hasieran abiatu ginen iKide sareko Iker Ros eta neu Kaliforniara. Gure helmugak:
- Los Angeleseko Da Vinci School http://www.davincischools.org/aboutdavinci.shtml. Unibertsitaterako prestatzeko zentrua da, gure hemengo batxilergoaren parekoa. PBL metodologian oinarritzen dute curriculuma eta bertara joan ginen irakasleen hiru eguneko formazio-saiora gonbidatuak izan ginelako. Formazioa irakasleek euren proiektuetan hobekuntzak egiteko xedez antolatu du eskolak eta Buck Institute for Education erakundeak dinamizatu du.
- Novato-n, San Franziskotik gertu dagoen Buck Institute for Educacion (hemendik aurrera BIE) zentrura bisita: http://www.bie.org/. Erakunde honen helburu nagusia da PBL metodologietan lan egin nahi duten ikaskuntza-zentruei eta irakasleei laguntzea, aholkularitza ematea eta materialak sortzea. Horregatik, euren webgunera jotzen baduzue, material ugari ikusiko duzue bertan argitaratua. Bereziki azpimarragarria da bideoak ekoizteko egiten ari diren ahalegina: http://www.youtube.com/user/BIEPBL. Erakunde honek 22 urte daramatza metodologia honetan lanean.
BIEk, Da Vinci School-en baimenarekin, tailerrean bisitari gisa onartzeaz gain, liburu hauek oparitu zizkiguten:
- Manual para el aprendizaje basado en proyectos (erdaratuta)
- Project based learning handbook

- PBL starter kit
Izugarri eskertuta gaude BIEk egindako ongietorriarekin eta espero dugu beraiekin elkarlanean jarraitzea denbora luzean.
Zergatik BIE?
BEHATU programaren barruan BIE hautatzeko arrazoi nagusia izan da esperientzia luzea dutela PBL metodologia aplikatzen Hezkuntza testuinguruan, maila guztietan: Haur Hezkuntzatik Unibertsitatera. Hori dela eta, bisita honek hiru mailako interesa izan du:
- Gure unibertsitateko ERAGIN programako tutore gisa, PBL metodologia behatzea eta euren formazio-praktikatik ikastea. Arreta berezia merezi izan du Charity Allen formatzaileak Da Vinci School zentruan irakasleak formatzeko erabilitako estrategiak.
- Irakasleen Unibertsitate Eskolako irakasle gisa, une honetan 1. mailan garatzen ari garen irakasgai arteko moduloko lana hobetzeko ideiak eta materialak eskuratzea, gure irakaskuntza hobetzeari begira.
- Lehen Hezkuntzako Graduko irakasle gisa, adin-tarte horretan PBL metodologia aplikatzeko aukerak aztertzea, bertan behatutakoa Magisteritzako ikasleek ere jaso dezaten.
BIEk eskaintzen dituen
formazio-saioetatik, guk PBL 101 izenekoan hartu dugu parte. Tailer hau pentsatuta dago lehenagotik PBLan lanean aritu diren irakasleentzat eta hauxe izan da programa:
1. eguna: PBL Design & Driving Questions
Saio honetan, honako galderei erantzuten aritu gara lanean:
- Zer da Proiektuetan Oinarritutako Ikaskuntza?
- Nola bereizi PBL quasi-PBLetatik?
- Nola formulatu gidatze-galdera?
Horrez gain, proiektua aurkezteko sarrera-ekitaldiak diseinatu eta ebaluatu genituen. Amaiera-produktuaren egiantzekotasuna ere jorratu dugu, partaideon proposamenen gainean hausnartuz eta elkarri iradokizunak eginez.
[Hona hemen Da Vinci School-en lehenago egin dituzten proiektu batzuen adibideak: liburuak, makinak, pinturak... Egin klik irudian gehiago ikusteko:]
2. eguna: Management & Critical Friends Protocol
Proiektuetan lan egiten dugunean kalitate baxuko produktuak sortzeko arriskua, edo produktua onargarria izanik ere, ikasleen aurrerapena txikia izateko arriskua ekiditearren, proiektuen aurrerabidea kudeatzeko erak aurreikusi ditugu. Hona adibide batzuk:
1) Dakiguna / Jakin Beharrekoa: posterra (Know / Need to Know quick poster)
2) Talde-lanerako Hitzarmena (Team Operating Agreement)
3) Behaketarako fitxa: irakasleentzat eta ikasleentzat
6) Errubrika espezifikoak, produktuaren araberako errubrikak
8) Proiektua kudeatzeko bestelako baliabideak: hasierako galdera bistan izan prozesu osoan zehar, adibideak/ereduak, baliabide-bankua, checkpoints..
Saio honetan zehar, elementu eta baliabide hauek tailerreko partaideok geure proiektuetan lan eginez landu ditugu. Hala, saioaren amaiera-atalean, Critical Friends Tuning Protocol izenekoa aplikatu dugu, Lagun Kritikoen Doikuntza Protokoloa. Protokolo honen bitartez, tailerreko partaideok banaka ebaluatu ditugu gainerakoen proiektuak, dinamika arin eta eraginkor baten bidez.
3. eguna: Evaluation and assessment
Azken egunean, ebaluaziorako tresnak lantzen eta hobetzen jardun dugu. Ohikoa da errubriketan edo ebaluazio matrizeetan oinarritutako ebaluazioa erabiltzea (ebaluazio-irizpide eta parametroen panelak direla esan daiteke), baina errubrika horien diseinuaren arabera, baliogabeak izan daitezke, edo konplexuegiak, edo zehatzegiak. Adibide batzuk aztertu ditugu.
Horrez gain, ikasleak trebatu behar ditugu errubrikak erabiltzen, bestela ez baitute euren funtzioa beteko, ez dira esanguratsuak izango beraientzat. Errubrikak erabiltzeko probak egiten direnean, ez da komenigarria adibide onak erabiltzea, mugakoak baizik, bestela ez da ulertuko errubriken zentzua.
Errubrika horietan, proiektuak aurrera egiteko baliabideak eskaini behar dira, ikasleek jakiteko errubrikako parametro bat baxu badute, nola egin dezaketen aurrera.
Tailer osoan zehar, praktiken bidez ikusi ditugu kontzeptuak eta amaieran, proiektuen erakusketa egin zen. Kontuan hartuta hiru eguneko lanaren emaitza dela, ikusgarria da zenbait lantaldek egin dituzten posterren kalitatea eta sormena (egin klik irudian):
Azpimarratzekoa da zeinen ondo egin duten lan elkarrekin Da Vinci School-eko irakasleek, elkarri lagunduz, kritikoak izanik baina beti eraikitzaile.
Oso esperientzia pozgarria izan da guretzat. Geroxeago idatziko dut post subjektiboago bat ;)
PBL