Nola landu Euskal Literatura Batxilergoan? 1. zirriborroaLiteraturaren lanketan ez dut hizkuntzen didaktikan dudan esperientzia zabala, baina gero eta argiago ikusten dut literatura edozein hizkuntza-jabekuntza prozesutan integratu behar dela, oso baliotsua baita hizkuntza barne-emozioekin lotzeko, hizkuntza "komunikazio-tresna huts" izatetik giza- eta gizarte- adierazpenerako bide izatera pasatzeko, alegia. Bada, ordea, koxka garbi bat: literaturaren irakaskuntza sailkapenetan, historian eta autoreetan gehiegi ardaztu izan da, balio estetiko-ludikoa ia erabat ahaztuta. Eskola-esparruaz ari naiz, jakina. Horregatik, Maite Goñiren gidaritzapean (bera kapitain), ideiak biltzen hasi naiz literatura Batxilergoan lantzeari lotuta. 2008/09 ikasturtean helduekin (+55 urte) gaztelania literatura lantzeko liburu hau hartu nuen inspirazio-iturri (ez nuen segitu baina oso lagungarri egin zitzaidan benetan):
Benetti, G., Casellato, M, Messori, G. (2004). Más que palabras. Literatura por tareas. Barcelona: Difusión Literatura lantzeko egiten duten proposamena oso egokia iruditu zait, nahiz eta gero neure ataza propioak diseinatu ditudan. Unitateak generoka daude antolatuak: poesia, narrazioa eta antzerkia, baina programazioaren benetako ardatza ez dira garai historikoak, ez autoreak, ez eta generoak ere; gaiak dira arretagune: maitasuna, bizitzaren gazi-gozoak, heriotza, askatasuna, fantasia. Iruditzen zait lanketa bide horretatik egin behar dela. Gaia interesatzen bazaizu, irakurtzen segi dezakezu.
Aipatu liburuko sarrerako aipu hau oso erakargarri egin zitzaidan: "A menudo se ha convertido a los estudiantes en auténticos taxidermistas de la palabra que, tras años de estudios, aborrecen un maravilloso libro sólo porque su acercamiento a la literatura les ha supuesto un ejercicio de disección y clasificación carente de interés" (15. or.)
Berez liburu hau pentsatuta dago gaztelania atzerriko hizkuntza gisa ikasten ari direnentzat, goi-mailakoentzat, jakina. Bere planteamenduan ondo asmatu dute zereginetan oinarritutako ikaskuntzaren akats klasiko bat gainditzen dutelako: ataza guztien egitura eta jarduera-motak paraleloak izan behar dutelako uste ustela. Literatura ataza bidez lantzea berez ederki asmatzea da, irakurtzea eta idaztea, sortzea, jolastea bateratzen dituelako, baina gainera, ataza bakoitzean zer topatuko duzun ez jakiteak areagotu egiten du lanketaren alderdi ludikoa. Gure testuinguruari begira, hauek dira Batxilergoan Literatura irakasgaian bete beharreko helburuak (EHAA - 2009ko otsailak 27, ostirala • 41 ZK. pdf 5,6MB): 8.– Literatura-lanak interpretatzea eta kritikoki balioestea, haien arte-izaera osatzen duten elementuak identifikatzea, eta kultura-tradizioarekin eta sortzeko eta jasotzeko gizarte-baldintzekin erlazionatzea, gizakion banakako nahiz taldeko proiekzioa antzemateko lan horietan. 9.– Euskal literaturaren eta espainiar literaturaren garai garrantzitsuenen ezaugarri orokorrez gainera, literatura horietako egile eta lanik inportanteenak ezagutzea, literatura-testuak, ahozkoak eta idatziak, ulertzen laguntzeko, eta informazio-iturri egokiak kritikoki erabiliz lan horiek 10.– Literatura-testuak modu autonomoan irakurriz gozatzea, beste mundu eta kultura batzuk ezagutzeko,ikasteko.eta sentsibilitate estetikoa garatzeko. Beraz, diseinatzen diren atazetan, testuak irakurri, hizkuntzaren eta literaturaren ikuspegitik aztertu eta iruzkindu behar dira, testuak testuinguru historiko, kultural eta soziologikoan kokatu eta, gainera, lan hauek eginez GOZATZEN IKASI BEHAR DA. Horregatik gustatzen zait aipatu liburuko proposamena. 
Hasierako zirriborro bat egin dezagun: Gaia: Adiskidetasuna eta antzeko gai abstraktuak, aise mugitzeko aukera ematen dutenak Erabil ditzakegun materialak: - Historian zehar gai horri buruz idatzi duten autoreen testuak: narrazioak, poesia, antzezlanak...pasarteak edo osoak. Ahozko literaturakoak ere bai (bertsoak, koplak). Egiten den hautaketa funtsezkoa da estilo desberdinak, genero desberdinak eta garai desberdinak nahastu ahal izateko
- Literatura-kritikariek idatzitako kritikak hautatutako obraren bati buruz
- Garai historiko nagusien denbora-lerroa, obrak irakurri eta aurre-iruzkinak egin ondoren lerroan kokatzeko
- "Jolasteko" materiala: papertxoak, kartulinak, pinturak eta halakoak, edota (nahiago dena) bloga, mikrobloga, prezzi edo antzekoak aurkezpenak prestatzeko, wordle edo hodeiak egiteko tresnak... Garrantzi handia du irakaslea erabiltzen duen materialarekin ahalik eta ondoen sentitzea, ez ahaztu ludikotasuna landu nahi dugula. Ahal bada, bi motak konbinatu ikasle desberdinen estiloak nolabait asetzeko.
Egin ditzakegun jarduerak: - Taldeka, testuak irakurri eta iritzia eman nork bere gustuen arabera. Gustatu/Ez gustatu baino haratago joateko lagungarriak eskaini (oinarrizko gustuei buruzko fitxak izan daitezke ikasturte hasieran, lana antolatzeko, eta gero irizpide literarioak dituzten fitxak). Eztabaida hau ikasturtean zehar sakondu daiteke literaturaren inguruan aurrera egiten duten neurrian (eskakizun-maila igoz progresiboki) eta ikasturtearen erdi-amaiera aldera irratsaioa balitz bezala planteatu (podcastak egin animatzen direnak)
- Literatur kritikak kritikatu. Kritikatzea gustuko izan ohi dugu eta literatur kritikak kritikatuz has daitezke ikasleak, brometan nahi bada. Helburua da literatur kritikenganako interesa piztea eta literatur kritikak idazten trebatzea. Jarduera honek hurbilduko ditu literatur iruzkinera.
- Alderaketak egin I: poesia eta narrazioa, garai bat beste batekin, ahozkoa/idatzia... Kontuz honekin: ataza bakoitzean bizpahiru kontutan fokalizatu eta alderaketaren amaieran ondorio garbiak ateratzen lagundu ikasleei, unitatez unitate jakintza eraiki ahal izateko.
- Alderaketak egin II: euskal literatura / erdal literatura(k); liburua / filma; literatura / filosofia edo kazetaritza... Alderaketaren emaitzak eztabaidekin bezala landu daitezke: irratsaioaren bidez adibidez, baina kontuan hartuta hau ludikoagoa dela, ez literatur eztabaida bezain zorrotza (ez gutxienez ebaluazioari dagokionez)
- Garai historiko nagusien denbora-lerroa elikatu: denbora-lerroak egiteko tresna elektronikoren bat erabil daiteke, batez ere ikasleek aurrerago ondo birpasatu ahal izateko, baina horrez gain, komeniko litzateke paperekin ere jokatzea. Adibidez, emandako testuak moztuta, autorearen izenarekin batera dagokien garaian jartzea collage modura, edo garai jakin bati lotuta irakurri dituzten lan guztiak marraztea kartulinetan. Garai historikoak lotzeko beste lan batzuk ere egin daitezke: wordle erako hodeiak, mapa kontzeptualak edo prezzi erako aurkezpen-bidaiak adibidez. Kontua da denbora, historia, kultura, autoreak eta obrak modu desberdinetara manipulatzea.
- Askotariko testu-sorkuntza: emandako gaiari buruzko esaldi laburrak, bertsoak, koplak, narrazioak, poesiak, antzezlanak, komikiak... Buruan bi ideia izan behar ditugu hau proposatzen dugunean: 1) ikasleei lagundu nahi diegu literatur sorkuntzaren xarma sentitzen, eta 2) hizkuntzaren adierazpide emozionala landu nahi dugu. Begi bat ideia batean eta bestea bestean. Ez da ludikotasun hutsa, ez da "ikasleak dibertitzea", ez behintzat hori bakarrik: literatur sorkuntza garatu behar duten gaitasuna da, maila batean behintzat.
- Esaera zaharrak berritzea, adibidez, ludikoa da eta aldi berean hizkuntz sistema ulertzea eskatzen du
- Narrazio-pasarte bat antzezlan gisa berridaztea ere jarduera interesgarria izan daiteke
- Ipuin klasikoak gaurko garaira pasatzea edo ironiaz berridaztea
- Mikropoemak edo fantasiazko mikroipuinak
- Hitz-jokoak, hitzei zentzu berriak bilatu, zentzurik gabeko esaldi-kate gramatikalak zoriz hautatutako hitzak erabiliz...
Ikuspegi zabala eta irudimentsua izango dugu atazak diseinatzean eta ziurtatuko dugu ataza guztiek lau helburuak lantzeko elementuak dituztela. Era berean, ikasleak edukietan gal ez daitezen, ataza integratzaileak erabiliko ditugu, bi edo hiru astean behin adibidez (ataza bakoitzaren neurriaren arabera), bestela tankera honetako metodologiak dispertsiorako joera nabarmena baitu. Saiatuko naiz ataza-adibide bat hona ekartzen ahal dudanean. Adibideak, iradokizunak eta kritikak oso ongietorriak izango dira, gaia eraikitzen ari gara eta. Mila esker aldez aurretik! (Irudia: Felicitación 2009. By art_es_anna . Ikusi eskubideak hemen: http://www.flickr.com/photos/art_es_anna/3158684047/)
|