| Proiektuen Mazedonia Mazedonia de Proyectos |
| Hezkuntzako proiektuetan parte hartu eta jostatzeko gunea. Espacio para participar y jugar en proyectos educativos. Asociado a #unicolab-i lotua. |
Korapilotsua oso izan da 2011 urtea neuretzat, zalantzarik gabe. Artikulu hau neure burua berrantolatzeko da batik bat, dena hain joan da azkar... birpasatzea ezinbesteko.
2010eko maiatzaren bukaeran Creanova Europar Proiektuaren koordinazioa hartu behar izan nuenetik, bidaiatzea hilabeteroko kontua izan da, baina gainera, beste bidaia batzuk gurutzatu zaizkit bidean.
2011ko urtarrilaren 1ean oso bidaia berezia hasi nuen: lehen aldiz, ozeanoa gurutzatu eta AEBetara joateko aukera izan nuen lankide batekin, Los Angeles eta San Franziskora, BIEk antolatzen zuen PBL (Project-Based Learning) ikastaro bat egin eta gero, euren egoitza bisitatzera. Oso bidaia argigarria, oso intentsoa. Gero, Donostiara gauez itzuli eta biharamun goizean klaseak ematen jarrita, jet-lag hori zer ote zen ez nuen izan denborarik jakiteko.
Hemen artikulua: "Buck Institute for Education BIE: Workshop in Da Vinci School"
Hauxe bisitaz eta PBL metodologiaz egindako podcastaren laburpena.
Martxoan Edinburgon izan genuen Creanova Proiektuko bilera. Asko gustatu zitzaidan Edinburgo, oso bilera korapilotsua eta zaila izan bazen ere, bileraz kanpoko denbora bikaina izan zen: bertako taberna xarmangarriak eta benetako whiskia dastatzea proiektuko kideen gidaritzapean... zoragarria.
Edinburgoko bisitako argazki gehiago #l365m blogean
Apirilean Porvoo-ra (Finlandia) itzultzea tokatzen zitzaidan. Aurrekoan 2010eko urtarrilean joana nintzen Creanovako beste bilera batera eta orduan -22ºC zeuden... oso paisaia desberdina oraingoan. Porvoo Finlandiako herri ia zaharrena da, herri txikia baina ezaguna egiten ari da Porvoo-ko Campusa dela eta, oso diseinu bereziki eraikin eta espazioak, sormena sustatzeko espazioak nola diseinatu aztertu ondoren sortutakoa.
Bertara joan nintzen "Campus Encounters - Bridgind Learners Developing Competences for Next Generation Service Sectors" ekitaldira. Eraikina bikaina zen, zalantzarik gabe: gelak, espazioak, ikasleek mugitzeko zuten askatasuna, sofak geletan, espazio biribilak, txikiak, handiak... oso berezia. Jardunaldiak, aldiz, oso motelak. Izugarri harritu ninduen zeinen motel mintzatu ziren bertako irakasleak ponentzietan, sinestezina niretzat. Hitzaldietan, ezer berririk ez, onena zalantzarik gabe Engeström-en ponentzia, eta horregatik gonbidatu genuen Bilboko gure kongresura.

Maiatzean Bordelen izan genuen lehen bilera Akitaniako Lanbide Heziketa eta Etengabeko Ikaskuntzako arduradunekin eta nazioarteko proiektuen arduradunekin (bilera bitxia, lau hizkuntzatan aritu baikinen nahas-mahas: euskara, gaztelania, frantsesa eta gaztelania), besteak beste François Maitiarekin, (Vice-Président du Conseil Régional d'Aquitaine et Conseiller Général des Pyrénées-Atlantiques) bultzada ona eman ziolarik Creanova proiektuari Akitanian, ekainean egin genuen bilera ofiziala prestatzeko.

#l365m-n argitaratutako argazkia
Ekainean, berriz, Bordelekoaz gain, Gironan izan nintzen UNIVEST kongresura Donostiako Irakasleen U.E.ko esperientzia pare bat aurkeztu eta unibertsitateko irakaskuntzan zer aurkezten ari zen ikustera, eta hortik zuzenean Dublinera jo nuen EDEN (European Distance and E-learning Network) kongresura. Dublin ez nuen gehiegi gozatu, beharbada nekatuegi edo beharbada "artifiziala" iruditu zitzaidan, edo gehiago espero nuen... zaila da jakitea hain egonaldi laburretako bidaietan. Kongresua ere ez nuen oso gogoko izan, beharbada hemen ere gehiago espero nuelako, honetaz bai, artikulua idatzi nuen:
EDEN Dublin 2011 Kongresutik ekarritakoa #edendublin #elearning
Hori bai, Guinness fabrikan izan ginen eta bertan dastatu nuen nire lehen Guinness-a... hori ere, ez zen horrenbesterainokoa... 12 hilabete hauetan egindako bidaia guztietatik, esan behar dut hartu nuen garagardorik onena ez zela izan Belgikan, ezta Irlandan ere, Bolzano-n baizik, etxean egindako garagardo zoragarria (eta hitz ematen dizuet garagardo asko dastatu dudala denbora honetan
).

Dublineko argazki gehiago #l365m blogean
Egonaldi azkar honen amaiera oso traketsa izan zen, hegaldi kontuak zirela eta, azkenean Alemaniako aireportu bateko hotel triste batean gaua pasa eta Bilbora itzultzeko zailtasunak handiak zirela eta, Parisera joan eta handik trenez amaitu nuen bidaia, bi egun Dublinetik itzultzeko 3 eguneko egonaldi baterako... eta hor esan nuen nahikoa zela aurtengorako. Hortik aurrera, hegazkinik ez dut hartu aurten.
Aurten, bidaiez gain, antolaketaren urtea izan da niretzat. Lehenago laguntzaile aritu nintzen urteroko Moodlemoot Euskaditan, baina aurten formatu desberdinak proban jartzeko okasioak izan ditut eta asko ikasi dut estilo desberdinetako topaketak antolatzeaz. Bakarrik estekak jarriko ditut:
Artikuluak:
- Hiri-proiektuak eztabaidagai: eragile lokalak konektatzen #kfe03
- Hiri-paisaiak, paisaia-hiriak: Donostiaren kasua #kfe03
- Kfé Innovación-ek batera deitzen ditu Sevilla, Getxo, Bartzelona eta Lleidako lagun berritzaileak #kfe03
- Kfé Innovación #kfe03 eta bere ondorenak: hausnarketa
- #kfe04: Hiri hezitzaileak hizpide
- #kfe04 #DON: Gipuzkoa, hiri hezitzailea
- #kfe04 Donostian: kronika
Zoritxarrez, biltzar honen inguruko blog-artikulua idazteko denborarik ez dut izan... eta zeresan handia nuen, baina lana guztiz pilatu zitzaidan :-(. Besteak beste, tartean Moodlemoot Euskadi 2011, Educared (Madril) eta Moodlemoot Spain 2011ren antolaketa etorri zitzaizkidan gainera, proiektuaren itxitura eta irakasgai guztietako klaseekin batera. Baina oraindik buruan dut artikulu bat bertan izan genuen "Serious Games" LEGO joko serioekin lotuta. Hona argazki batzuk: http://www.flickr.com/photos/12186644@N08/sets/72157628080752222/
- Moodlemoot Spain 2011: Antolaketaren ikuspegi kritikoa #mootes11
- (e-)Ikaskuntza kritikoa Moodlemoot Spain 2011n
Lan handiko urtea, zalantzarik gabe. Beste hainbat jardunaldi eta topaketetan hartu dut parte: Creativity Meeting Point Bilbon, Ekintzailetasunaren inguruko focus group pare bat, IKTen jardunaldiak Iruñan, Irakasle txiolarien Bilboko kdd, PBL metodologiaren inguruko aurkezpenak, Donostiako Zinemaldiko Tribu 2.0ko proposamena, Educared ponentzia birtuala konektibismoaz, Laudioko saioa IKTak eta Hezkuntza hizpide, oraindik idazteko dudan Jolasean (Bideojokoak eta Hezkuntza) topaketa, #l365m blogeko kdd Madrilen... eta gogoratuko ez naizen besteren bat.
Horrez gain, proiektuak tutorizatzen jarraitu dut, Komunikazio Gaitasunaren irakasgaia Lehen Hezkuntzako Graduan, Esperientzia Gelan Literatura utzi eta Lengua ematea (blogari eutsi diogu, hala ere: http://laliteraturaesuntesoro.blogspot.com). Gainera, aurten masterreko memoria pare bat birtualki tutorizatu dut Jaen-eko Unibertsitatean lehen aldiz (Máster en Lingüística Aplicada a la Enseñanza del Español como Lengua Extranjera (MLAEELE), oso esperientzia polita eta aberasgarria. Ekintzailetasunari lotutako formazio-saretze proiektu batean ere aholkulari ibili naiz, Creanova proiektuaren ondorioz.
Hau dena gutxi balitz bezala, pertsonalki eta blog honi lotuta, gogorra izan da hemen argitaratutako artikulu batengatik salaketa jaso nuelako eta epaiketa lehendabizi penaletik eta gero zibiletik pasa behar izan baitut. Penala zalantzarik gabe pasata ere, zibilerako indar eta gogorik ez eta adostasuna sinatu nuen artikulu hori ez berriz argitaratzeko. Pena, ze niretzat oso artikulu kuttuna zen... Lege-kontu hauen ondorioz, haurra eskolaz aldatu behar izan genuen, baina, zorionez, amesgaizto hori amaitu da eta eskola berrian askoz hobeto dago. Eskerrik asko Jorge Campanillas eta Iurismatica-ri denagatik, bihotzez.
Hitz bakar bat: TESIA!!!!!! 2012. urtean tesia irakurri behar dut eta, hortaz, gainerako ekitaldietako erritmoa erradikalki jaitsi behar dut. Horregatik, gonbiteren bati ezezkoa ematen badiot, ez harritu. Asko dut jokoan eta gainera, une ona da hainbeste korrika egin ostean arnas pixka bat hartu eta ikerketan sakontzeko.
Ez baitizuet esan orain arte artikuluan 2011 izan dela 40 urte bete ditudan urtea!!!! Hemendik aurrera, polikiago eta sakonago, ezinbestez ;-)
Urte Berri On!
| Comentarios |
|
|
||||||||
|
||||||||
Copyright © 2010-2011 ThemeXpert.com All right reserved.
Top