| Facebook aurrez aurreko irakaskuntzaren osagarri gisa |
|
|
|
| Hausnarketak eta ideiak | ||||||||||||||||||||||||||||||||||||||||||||||||||||||||||||||||||||||||||||||||||||||||
| Astelehena, 2009(e)ko iraila(r)en 14-(e)an 00:00etan | ||||||||||||||||||||||||||||||||||||||||||||||||||||||||||||||||||||||||||||||||||||||||
Facebook aurrez aurreko irakaskuntzaren osagarri gisa: "lagunak" ote dira gure ikasleak?Hona dakardan gai hau 2009ko irailaren 9an aurkeztu nuen Madrilen Ikusentzunezko Antropologia eta Hezkuntza-Teknologiako Ikerketen inguruko lehen biltzarraren testuinguruan. Testu luzea idatzi nuenean beste modu batera bideratu banuen ere, hau da bertan azaldu nuenaren sintesia: Aurkezpen hau hausnarketa txiki bat da ikasle-irakasle rol sortu berrien inguruan eta erantzunak baino gehiago, galdera batzuk gaineratu nahi nituzke:
Testuingurua: Irakasgaia nahiko berezia da unibertsitatearen barruan: Gasteiza Euskal Herriko Unibertsitatera iritsi berri diren ikasle eta ikertzaile atzerritarrei gaztelania irakasten diet, hain zuzen ere, lehen urratsekoei, ezer ez dakitenei edo ezer gutxi dakitenei.Ikasle hauek murgiltze-egoeran daudenez, garrantzi handia du sozializatzeko hizkuntza-baliabideak ahalik eta azkarren garatzea, ze hortik aurrera beraiek euren kabuz ikasten dute hizkuntza, ikaragarri azkar gainera.
Zergatik Facebook? Duela bi urte hasi nintzen gaztelania irakasten. Lehenago euskara irakasten nuen, goi-mailan, gainera, eta testuinguru horretan moodle plataforma oso egoki ikusten nuen diskurtsoa garatzen laguntzeko. Alabaina, berehala konturatu nintzen moodle ondo zegoela ikasleen behar batzuk asetzeko baina ez sozializazioari zegozkionak. Adibidez, gela berean portugaldarrak, italiarrak, alemanak, txinatarrak, finlandiarrak... izanik, moodle plataforma egokia da material osagarriak eskaintzeko. Foroa ere erabiltzen dut, testu laburrak eraikitzen hasteko. Hala ere, ikasleek ingurune formal gisa hartzen dute moodle plataforma, ikasgela, birtuala baina ikasgela azken batean, hortaz, eskas samarra da komunikazio informala garatzeko: ez da oso plastikoa osagai ludikoen integrazioan. Facebook, aldiz, lagunartekoa da definizioz eta bertan esaldiak eta adierazkortasun-markek osatzen dute diskurtsoa, oso egokia beraz, hasiberrientzat. Argazkiak, musika eta bideoak komunikaziorako euskarri izaten dira eta hizkuntza-gaitasuna askorik garatu gabe ere arrakastatsuak izan daitezke ikasleak komunikazioan. Eta, gainera, ikasleak han daude: denborapasan, askotan baliorik gabeko jarduera zozoetan, trukaketan... Beraz, behar-beharrezkoa dute testuinguru horretan gaztelaniaz ere ondo moldatzea, euren jatorrizko herrietara itzultzen direnean harreman horri eutsi ahal izateko.
(Erakus dezakedan horma-zatitxo bat)
Eta orain, zalantzak 1. zalantza: nor naiz ni Facebook-en? Zein da nire zeregina? Zein da nire ikasleen zeregina nirekiko?"Hezkuntza hedatuaz" gero eta gehiago hitz egiten ari da, baina ez da askorik argitu maila praktikoan. Facebook-ean ari naizenean neure ni-irakasle figura berreraiki behar dut ingurune horizontal honetara egokitzeko, baina aldi berean, euren ikaskuntzan laguntzaile izan nahi badut, ezin dut ahaztu erabat neure irakasle-rola. Dilema garrantzitsua da: neure identitatea ikasleenarekin mimetizatu behar dut baina ikas-prozesua beti begibistan izan behar dut. Praktikan, adibidez, nire argazki pertsonalak jartzen ditut iruzkin informal xumez hornituta, iruzkinak egitera animatzeko edo gutxienez, eredu eskuragarri gisa har ditzaten. Horrez gain, bada beste koxka bat: noiz arte jarraituko dute neure ikasle izaten? Eta hor, ikuspegi praktikoa ekarri nahi dut, beste behin ere: nire ikasle "ofizialek" euren matrikula ordaintzen dute, baina aurreko urteko ikasleek sare honetan jarrai dezakete ikasten nahi duten guztia. Nik neronek ez dut inolako arazorik, baina unibertsitateak neure kontra egin dezake nolabait? Eta ordaintzen ari diren ikasleek? Azken batean, nahastu egiten da profesionala eta pertsonala. Neure kasuan unibertsitate publiko batean nabil eta ez dut zalantza handirik, baina akademia pribatu bat izango balitz? Irakasle horizontala izan nahi nuke hezkuntza ahal guztia hedatzeko, baina ideia honek erakundearekin arazo bat baino gehiago ekarri dit dagoeneko.
2. zalantza: noraino dut nik eskubidea nire sareak ikasleen sareekin nahasteko? Alegia, euren pribatutasun eta intimidaderako eskubidea urratzeko?Bigarren zalantza honek gehiago kezkatzen nau. Badakigu Facebook-ek pribatutasuna eta intimidadea halamoduz kudeatzen duela. Horrek esan nahi du ni ikasleen sareetara partzialki irits naitekeen bezalaxe irits daitezkeela nire kontaktuak neure ikasleen sareetara. Hori ona da ikasleek helduen i ngurunea ikuskatzeko, baina zer geratzen da nire kontaktu bat ikasle baten irakasle bada eta ikasle horrek niretzat agerian jarri duen zerbait ikusten duenean? Edo alderantziz, noski? Behartu ditzaket ikasleak, irakasgaiko zeregin gisa, Facebook-en nire lagun izatera? Garbi dago erantzuna: ez, ezin ditut behartu ikasleak nire lagun izatera. Horrek mugatu egiten du Facebook-en integrazio didaktikoa. Arazo hau honela konpondu dut: nik ez ditut inoiz gonbidatzen nire ikasleak nire lagunak izatera, beraiek dira niri eskatzen didatenak, nolabait euren gogoz egiten dutela egiaztatu nahian. Eta berez, nire zenbait ikasle nire lagun egiten dira ikasturtea amaitu eta euren herrietara itzultzen direnean. Erdi-purdiko soluzioa iruditzen zait, baina momentuz ez zait hoberik bururatu.
Nire ikasleak "lagunak" dira, bai. Ezinbestekoa da nire kasuan, ikasleei sozializazio informalean lagundu behar diedalako, lagunak egiten irakatsi behar diedalako, besteak beste. Sare sozial ludikoetan adiskidetasunak oso interpretazio berezia du eta horregatik sar naiteke, ez duelako inplikatzen lotura emozional estuegia. Facebook-en laguna izateak esan nahi du ideiak, esaldiak, argazkiak... konpartitzen ditugula, elkarrekin hitz egiteko prest gaudela eta harremana ez dela hierarkikoa izango. Horregatik naiz euren lagun, aurrez aurreko harremanetan ez banaiz ere. Testuinguruak berak ezartzen ditu desberdintasunak.
(Ohartxo teoriko bat eta Madrileko aurkezpeneko xehetasun batzuk jakin nahi badituzu, segi irakurtzen) Hona ekarri dudanak badu bere atzealde teorikoa, jakina, baina ez nuke inor gehiegi aspertu nahi. Bada erreferentzia bat oso gustuko dudana honetaz hitz egiteko, Stephenson-en "Online Pedagogy Grid" (Coomey, M., Stephenson, J. 2001): Moodle Ipar-Mendebalderako oso egokia da, baita Hego-Mendebalderako bidea egiteko, baina ez horrenbeste Ekialderako. Ekialdea hornitzeko, sare sozialek egokiagoak dirudite ("dirudite" diot ze oraindik esperientzia pedagogiko gutxi egin da unibertsitatearen testuinguruan). Baina orduan esango didazue zergatik ez dudan hautatu adibidez Ning-en sortzea sare bat eta ez Facebook-en aritzea, horrek aipatu arazoak gaindituko bailituzke. Hiru arrazoi ditut bereziki Facebook hautatzeko: 1) Nire ikasleak bertan daude eta bertan komunikatzen ikasi nahi dute 2) Ning formala da eta kasu honetan komunikazio eta sozializazio informala garatu nahi dugu. Gogoan izan gaztelania ikasten ari direla ikasleok eta horretarako testuinguru birtual informala behar dugula. 3) Imaginatu une batez irakasgai bakoitzak bere ning sarea sortuko balu bere diziplina-arloan sakontzeko. Sare polit bat esan nahi dut, ez irakasgaiko betiko lanak sare bidez egiteko: profesionalak, akademikoak eta ikasleak bat eginik, materialak trukatzen, eztabaidatzen eta ikasleen ikaskuntza-prozesuan parte hartuz. Zenbat sare izango luke ikasleak?Ning-en aldeko apustua egingo nuke nik titulazioko sareak balira, adibidez, zeinetan irakasle guztiak ikasleekin batera mugitzen diren. Baina hori, gauzak dauden bezala, ezinezkoa da momentuz.
Bide batez, kongresuan @ilarrea -k idatzitako aipamenak dituzue jarraian, aurkezpen honen harira (berak eta biok baino ez genuen txiotu handik, zoritxarrez)
Powered by !JoomlaComment 4.0 beta2
|
||||||||||||||||||||||||||||||||||||||||||||||||||||||||||||||||||||||||||||||||||||||||












