Ainhoa Ezeizaren gogoetontzia

Webgunearen Lizentzia

Creative Commons License

Nire Twitter: @ainhoaeus

http://www.twitter.com/ainhoaeus

Musika pixka bat

Nor dabil?

Orain 29 bisitari On line

Podcast

Nire gogoetontzia

Puntuazioa erabili: / 14
TxarraOna 

Hezkuntza Berrikuntzaren begirada kritikoa

2013ko martxoaren 18 eta 19an, Leioako Gizarte eta Komunikazio Zientzien Fakultatean (UPV/EHU) Hezkuntza Berrikuntzarako II. Jardunaldiak antolatu zituen Kazetaritza II sailak eta bertan parte hartzera gonbidatu ninduten antolatzaileek. Jardunaldi hauen inguruko xehetasunak adibidez JuancarIKTren blogean irakur ditzakezue (es):

Hezkuntza Berrikuntzaren II Jardunaldiak

Proposamena egin zidatenean, jakin nuen Mertxe J. Badiolak ere ponentzia egin behar zuela eta erabaki genuen aurkezpena elkarrekin egitea, alde batetik, Mertxe eta biok elkarlanean saltsa askotan bagabiltza ere, ordura arte ez genuelako ezer idatzi bion artean, eta bestetik, biok garelako kritiko berrikuntzaren kontzeptualizazioarekin, nor bere begietatik, noski. Mertxeren zatiaren berri izateko, ikus bere aurkezpena Slideshare-n: http://www.slideshare.net/mertxejbadiola/mjb-innovaeduca13-v3 eta laster, artikulua bere blogean: http://www.mertxejbadiola.com/

 

Artikulu honetan argitu nahi nuke ahoz nire hitzaldiaren hasieran esan nuena (edo esan nahi nuena).

 

Hezkuntza Berrikuntza Unibertsitateko ikasgelan: Zertaz ari gara?

Iruditzen zait "Berrikuntza" hitza maizegi eta arinegi erabiltzen dela hezkuntza eta ikaskuntza prozesuei lotuta. Azken batean, berrikuntza, ingeleseko "Innovation" hitzaren baliokide gisa (euskaraz bestelako ñabardurak ditu) industria, enpresa eta batez ere marketing kontzeptua da, gehiago saltzearekin edo merkatu berrietara zabaltzearekin lotzen dena.

 Concepto de innovación

Berez, enpresetan duela urte batzuk hasiak dira "innovation" kontzeptuari kritika sakonak egiten, "work transformation" eraldatzearen alde. Hitz gutxitan esatearren, enpresa munduan konturatuta daude "innovative" saltzeko hitz gako bihurtu dela (dutela) eta askotan produktuen ezerezeko aldaketa estaltzen duela (iragarkietako "Berria!" etiketaren berritasun eskasa, kasu).

 

Gai honen inguruan bibliografia ugari bada ere, begiratu azkarra emateko gomendatzen dizut El Agorante Aberrante blogean Jorge de la Herrán-ek laburki aurkeztutako ideia: La era de la innovación ha muerto, llega la de la eficiencia… Bertan, hitz gutxitan argitzen du nola mugitu diren enpresak kalitatetik e-jardueretara eta hortik berrikuntzara, baina hitz hutsalak eta marketingekoak baino askoz haratago ez dela jo. "Gutxitan berritu da Berrikuntzaren Aroan bezain gutxi"...

 

Enpresan hori gertatu bada, nola garatu da Berrikuntzaren kontzeptua hezkuntzan? Ba... zer esango dizut... beharbada nik esan baino hobe izango da Rosa María Torres-ek blogean argitaratu berri duena:

"Berrikuntza (innovation) terminoak ez du ezer adierazten hobekuntzaren nolakotasunaz, orientazioaz, beharraz edo sakontasunaz [...]. Aldaketa txikiek, azalekoek, sakabanatu eta isolatuek ez dute ezertxo ere aldatzen. Berez, berrikuntza gehiegi balioesten da. Berrikuntzaren erretolika askotan mentalitate kontserbatzaileek sustatzen dute, zeinek ez duten inolako asmorik aldaketa sakonik egin dadin." Rosa María Torres (2013). On Innovation and Change in Education (Text in Progress): http://otra-educacion.blogspot.com.es/2013/03/on-innovation-and-change-in-education.html

 

Berrikuntza eraldatzailea sustatuko badugu, aldaketak sakonak eta hedatuak izan behar dute, bestela, gauzak aldatzen gabiltza ezer aldatua ez izateko. Hortaz, irakasgai batean berritzaile izateak ez du balio handirik, ez baita ez sistemikoa eta ez iraunkorra. Baina gainera, bi zentzutan da gehienbat kritikagarria nire ustez ikasgelako berrikuntza:

  • Berrikuntzan aritzen garenok ezer aldatu nahi ez dutenen lana zuritzen dugu eta ondorioz, aldaketa sakonetarako traba ere izan gaitezke.
  • Berrikuntzan aritzen garenok itsuan ari gara eta gure erakundearen lerrotik irtenez gero, gainera lanpostua galtzeko arriskuan jartzen gara (edo, funtzionarioon kasuan, baztertuak izateko, mobinga jasateko...).

 

Innovar a pesar de tu centro #jedi2013

 

Gainera, nolabait gure lankideak "ebangelizatzeko" ardura hartzen dugu (edo esleitzen digute). Ondorioz, gure lan-karga handitzen denez, denbora gutxiago dugu aurrerapenen berri izateko eta ainguratuak izaten gara.

 

Ikasgelako berrikuntza, kaltegarria?

Ikasgelara mugatzen den berrikuntzak gehiago du kaltetik onetik baino. Justifikazio bakar bat ulertzen dut ikasgelan berritzeko: gure lanbideko profesional gisa, gure lana ahalik eta ondoen egin nahia. Ideia hori ezin dut burutik kendu eta ez dut lana okerrago egingo berrikuntzari kontra egiteagatik (bere zentzugabekeria ulertuta). Baina ez gaitzaten horregatik saritu, geure lana baita. Irakasle bat berritzaile izateak ez du bestelako meriturik, eta amorratu egiten nau horregatik aitortzak jasotzeak.

 

Horrez gain, ikasgelako berrikuntzak ahalegin handia eskatzen du hain proiekzio txikia izateko. Adibidez, talde-lanean aritu nahi badugu, ikasleek ikasi behar dute taldean lan egiten gainerako irakasgaien eta irakats-esperientzien korrontearen kontra, eta hala, zerotik hasi behar dugu zehar-gaitasunen garapenean. Ez dira gutxi ikasleekin arazoak izaten dituzten irakasleak metodologia aktiboak proposatzen dituztenean, eta neurri handi batean ulergarria da, 6 kredituko irakasgai batean 12 kredituko irakasgai bateko karga atxikitzen diogulako zerbait txukuna egin nahi badugu. Eta azkenean zertarako? Lehen mailako lehen lauhileko irakasgai batean egindako lanaz zer gogoratzen du ikasleak handik lau urtera, halako beste esperientziarik izan ez badu? Alferrikako neke asko.

 

Hainbesteko ahaleginaren ostean... nola dakigu hoberako izan dela? Nola dakigu egin dugun lanak ikas-prozesuak hobetu dituela? Berria izateagatik da ona? Eta areago, hobea? Berritzaile izateak etengabe aldatzera bultzatzen gaituenez, ez ditugu hobekuntzak sistematizatzen ezta ikertzen ere, eta itsuan mugitzen gara, ikasleak nahaspilatzen, "berritzaile" etiketaren bila. Ez nau konbentzitzen.

 

Sekula ez dut berrikuntza bilatu. Berrikuntza ez da balio bat. Ikasleek ahalik eta ondoen ikastea da nire lana, nire ustez, eta ahalik eta ondoen horretan sartzen da ikasten dutenaren nolakotasuna, edukiak eta abar. Baina curriculuma, programa eta abar ez dut neuk ezartzen, dagokion sail, batzorde, liburu zuri eta abarrek baizik, eta horregatik, ahalik eta ondoen hori curriculum konstrikzioetara mugatzen da. Askatasun handia dut ikasgelan nire ikasleekin nahi dudana egiteko, kate motzak ematen duen lekuraino. Nola izango naiz eraldatzaile?

 

Unibertsitateko ikasgelan, gehienez ere "existitzen den produktu baten gainean hobekuntzak" egin ditzakegu irakasleok (DeGraff eta Queen-en sailkapenaren arabera, 2007). Hau da, berrikuntzaren maila baxuena. Ez da dominak jasotzeko moduko berrikuntza.

 

Erreferentzia: DeGraff, J., Queen, S.E. (2007).  Leading Innovation. New York: McGraw-Hill.

Oh.: Artikulu hau Leioan egin nuen aurkezpenaren lehen atalari dagokio. Aurkezpenerako erabili nituen diapositibak hemen daude eskuragarri: http://www.slideshare.net/ainhoaezeiza/ezeiza-innovaeduca13

 

 

Hausnarketak eta ideiak

Hezkuntzan gabiltzan emakumeak, konektaturik?

 

Edificio Biscaytik eraikina - Getxo

 

 

Internet Euskadi elkartearen 10. urteurrena dela eta, hainbat ekitaldi antolatzen aritu dira azken hilabeteotan. Getxoblog elkarteko IV. topaketetako pasileoan harremanetan jarri ginen Iñaki Lazaro Internet Euskadiko idazkari teknikoarekin eta hortik, hiru ekitalditan elkarlanean aritzea hitzartu genuen Mertxe J. Badiolak eta biok:

 

 

Hala, eta hainbat gorabeheraren ondoren, azken momentuan lortu nuen mahai-ingurura hurbiltzea eta parte hartzea.

 

Ekitaldia Getxoko Biscaytik aretoan izan da, 2013ko martxoaren 8an, eta bi mahai-ingurutan banatuta egon da:

1. mahaia: Konektatutako emakumeak hezkuntzan: Mertxe J. Badiola, Isabel Urbano eta neu, Mikel Agirregabiriak moderatua.

Eztabaidarako galderak:

Nola lagun diezaioke internetek gaur egungo emakumeari bere garapen profesionalean?

Zein da emakumeek egiten duten interneten erabilera nagusia hezkuntzan?

Zein gizarte-sarek dauka arrakastarik handiena emakumeen artean?

 

2. mahaia: Konektatutako emakumeak enpresan eta zuzenbidean: Ruth Sala, Ana Echevarria eta Arantza Mesa, Internet Euskadiko Marta Morenok moderatua.

Eztabaidarako galderak:

Nola ari da eboluzionatzen emakumeen ardura zuzendaritza karguetan? Lagundu ote dezake internetek?

Uste duzue teknologiak balio berezirik ari dela eskaintzen emakume eta gizonen arteko berdintasun beharrezkoaren bidean?

 

Hementxe dituzue ekitaldiko bideoak, Mikel Agirregabiriaren blogean, eztabaida bete-betean ikusteko: http://blog.agirregabiria.net/2013/03/cronica-8-marzo-2013-mujer-conectada.html Eskerrik asko, Mikel, ikus-entzunezko dokumentuez arduratzeagatik eta hain azkar igotzeagatik!

 

Emakumea konektaturik: hainbat hausnarketa

Garbi dago emakumezkoentzat abantaila handia dela internet, baina baita gizonezkoentzat ere, noski. Kontua da: hein berean al da emakumezkoentzat eta gizonezkoentzat?

Egun hauetan Twitterren eman ditudan ideia eta datu batzuk eskaini nahi ditut hemen ere, hausnarketan laguntzeko:

 

Konektatutako emakumeak eta hezkuntza (1. mahaia). Argazkiaren autorea: Mikel Agirregabiria

Denbora:

  • Zazpi gizonetatik batek bakarrik pasatzen du lanean diharduten emakumeok adina denbora seme-alabak zaintzen (Eustat, 2011)
  • Gizon landunen eta emakume landunen artean: hamar gizonetik bederatzik –% 90,8k– 2 ordu edo gutxiago ematen ditu etxeko zereginetan, eta emakumeen herenak, berriz, zehazki, % 32,2k, 3 ordu edo gehiago. (Eustat, 2011)
  • Emakumezkook guztira ordu gutxiago eskaintzen diogu interneti gizonezkoek baino. Datu hauek aldakorrak dira baina infografia honen arabera adibidez, 19 ordu egiten dituzte gizonezkoek astean, 14 ordu emakumezkoek.

Hortaz, emakumezkook denbora gutxiago dugu interneten geure garapen pertsonal eta profesionalari eskaintzeko lan orduetatik kanpo, askotan gauez eta ikusgarritasun baxuz ondorioz.

 

Sareak:

  • Emakumezkoak gehiago aritzen gara Facebook-en Twitterren baino (denbora gehiago) (beno, nik ez, gaur bertan eman dut eta bajan nire Facebook kontua), eta orokorrean gehiago lagunarteko eta familiako zirkuluetan ingurune irekietan baino (ondorio hau hainbat neurketatan agertu da, munduko hainbat lekutan)
  • Emakumezkoak gehiago gara Twitterren (%55-65 tartean, erreferentzia gisa hartzen den estatistikaren arabera), baina emakumezko gutxi azaltzen da lehen 10 txiokatzaile eragindunen ranking-etan, "celebrity"-en rankingetan izan ezik. Adibidez, Alianzo-ren ranking honetan, "Sociables" edo jendekoien rankinean, 4 emakumezko daude lehen 20ren artean.
  • Oro har, informazioa eta edukien transmisioa saritzen da elkarreraginaren eta elkarrizketaren baino gehiago. Adibidez, Twitterren RT kopuruak garrantzi handia du eragina neurtzeko (eta horregatik, zenbait txiolarik "gaizki" hartzen dute RT natiboak ez erabiltzea). Sozializazioa eta elkarrizketa "zarata"tzat hartzen da eta social media adituen hainbat artikulutan gomendatzen da elkarrizketa DM bidez egitea, hau da, ikustezina egitea.

Emakumezkook nahiago dugu, oro har, elkarrizketa eta ezagunekin elkarreragina izatea eta ez diogu erreparatzen edo garrantzirik ematen aipatua izateari. Portaera aldetik ere, probableagoa da gizonezkoen artean RTak egitea emakumezkoei egitea baino (erne: azken hau ez dut gogoan non irakurri nuen eta hortaz, kontrastatu gabe daukat). Horrek esan nahi du emakumezkook sareetan dugun portaerak ikusteztasunerako edota eragin maila baxuagorako emaitzak emateko probabilitate handiagoa duela.

 

Hezkuntza:

  • Irakasle emakumeon artean, maiz gertatzen da eskolako blogetan anonimatoa gordetzea. Autoretza gutxitan azaltzen da begien bistan.
  • Eskoletan ez da espresuki lantzen sareetako portaerari lotutako hezkidetza.
  • Neskak gazteago hasten dira sare sozialetan parte hartzen (bilakaera naturalarekin bat datorren datua); hala ere, ez da erabiltzen ahalmen hau emakumezkook sareetan indar handiagoa izateko, askotan estereotipoak errepikatzen direlako: edertasuna, itxura, arropa, moda... baina gehienetan zirkulu txikietan mugitzeagatik (besteak beste, sexting-a sufritzeko probabilitatea murrizteko).
  • Eskolan ere, mutilek nahiago dute sareak edukiak banatzeko erabili eta neskek sozializaziorako (azken ideia hau Mertxek aipatu zuen mahai-inguruan).

Sare sozialak hezkuntzan integratzean, kontuan izan behar ditugu desberdintasun hauek, benetako hezkidetza sustatuko badugu.

 

Gizonezkoen aurkako gudua al da hau?

Ba ez. Nago gizonezko gehientsuenak ez direla ohartu ere egiten alde hauetaz. Hain zuzen ere, Twitter asko gustatzen zait gizonak eta emakumeak batera nahasturik gaudelako, nor bere portaerarekin, elkarrengandik ikasteko aukera bikaina delako.

Beharbada sare sozialen artean berdintasuneranzko ibilbide aproposena erakusten du, azken hilabeteotan emakumezko kopuruak izandako gorakadari esker, baina ez dira aipatutako kontuak saihestu behar. Ranking-etako adierazleak berrikustea ere ez legoke gaizki, harreman sozioemozionalen pisua partaideen prestigioaren baitan kontuan hartua izateko adibidez.

Sare sozialak pertsonen arteko konexioak nahasteko izan bitez, eta ez ghettoak sortzeko!

 

Hausnarketak eta ideiak

Artikulu gehiago...

Orria: 1 Guztira: 33