Ainhoa Ezeizaren gogoetontzia

Nire gogoetontzia

2011: urte korapilotsu bezain interesgarria

Korapilotsua oso izan da 2011 urtea neuretzat, zalantzarik gabe. Artikulu hau neure burua berrantolatzeko da batik bat, dena hain joan da azkar... birpasatzea ezinbesteko.

 

Bidaiak

2010eko maiatzaren bukaeran Creanova Europar Proiektuaren koordinazioa hartu behar izan nuenetik, bidaiatzea hilabeteroko kontua izan da, baina gainera, beste bidaia batzuk gurutzatu zaizkit bidean.

 

2011ko urtarrilaren 1ean oso bidaia berezia hasi nuen: lehen aldiz, ozeanoa gurutzatu eta AEBetara joateko aukera izan nuen lankide batekin, Los Angeles eta San Franziskora, BIEk antolatzen zuen PBL (Project-Based Learning) ikastaro bat egin eta gero, euren egoitza bisitatzera. Oso bidaia argigarria, oso intentsoa. Gero, Donostiara gauez itzuli eta biharamun goizean klaseak ematen jarrita, jet-lag hori zer ote zen ez nuen izan denborarik jakiteko.

Hemen artikulua: "Buck Institute for Education BIE: Workshop in Da Vinci School"

Hauxe bisitaz eta PBL metodologiaz egindako podcastaren laburpena.

Jolibú

 Argazki gehiago Flickrren

 

Martxoan Edinburgon izan genuen Creanova Proiektuko bilera. Asko gustatu zitzaidan Edinburgo, oso bilera korapilotsua eta zaila izan bazen ere, bileraz kanpoko denbora bikaina izan zen: bertako taberna xarmangarriak eta benetako whiskia dastatzea proiektuko kideen gidaritzapean... zoragarria.

Edinburgh

Edinburgoko bisitako argazki gehiago #l365m blogean

 

Apirilean Porvoo-ra (Finlandia) itzultzea tokatzen zitzaidan. Aurrekoan 2010eko urtarrilean joana nintzen Creanovako beste bilera batera eta orduan -22ºC zeuden... oso paisaia desberdina oraingoan. Porvoo Finlandiako herri ia zaharrena da, herri txikia baina ezaguna egiten ari da Porvoo-ko Campusa dela eta, oso diseinu bereziki eraikin eta espazioak, sormena sustatzeko espazioak nola diseinatu aztertu ondoren sortutakoa.

 

Bertara joan nintzen "Campus Encounters - Bridgind Learners Developing Competences for Next Generation Service Sectors" ekitaldira. Eraikina bikaina zen, zalantzarik gabe: gelak, espazioak, ikasleek mugitzeko zuten askatasuna, sofak geletan, espazio biribilak, txikiak, handiak... oso berezia. Jardunaldiak, aldiz, oso motelak. Izugarri harritu ninduen zeinen motel mintzatu ziren bertako irakasleak ponentzietan, sinestezina niretzat. Hitzaldietan, ezer berririk ez, onena zalantzarik gabe Engeström-en ponentzia, eta horregatik gonbidatu genuen Bilboko gure kongresura.

 

Porvoo Campus - Finland

 

Maiatzean Bordelen izan genuen lehen bilera Akitaniako Lanbide Heziketa eta Etengabeko Ikaskuntzako arduradunekin eta nazioarteko proiektuen arduradunekin (bilera bitxia, lau hizkuntzatan aritu baikinen nahas-mahas: euskara, gaztelania, frantsesa eta gaztelania), besteak beste François Maitiarekin, (Vice-Président du Conseil Régional d'Aquitaine et Conseiller Général des Pyrénées-Atlantiques) bultzada ona eman ziolarik Creanova proiektuari Akitanian, ekainean egin genuen bilera ofiziala prestatzeko.

Bordele, Burdeos

#l365m-n argitaratutako argazkia

 

Ekainean, berriz, Bordelekoaz gain, Gironan izan nintzen UNIVEST kongresura Donostiako Irakasleen U.E.ko esperientzia pare bat aurkeztu eta unibertsitateko irakaskuntzan zer aurkezten ari zen ikustera, eta hortik zuzenean Dublinera jo nuen EDEN (European Distance and E-learning Network) kongresura. Dublin ez nuen gehiegi gozatu, beharbada nekatuegi edo beharbada "artifiziala" iruditu zitzaidan, edo gehiago espero nuen... zaila da jakitea hain egonaldi laburretako bidaietan. Kongresua ere ez nuen oso gogoko izan, beharbada hemen ere gehiago espero nuelako, honetaz bai, artikulua idatzi nuen:

EDEN Dublin 2011 Kongresutik ekarritakoa #edendublin #elearning

 

Hori bai, Guinness fabrikan izan ginen eta bertan dastatu nuen nire lehen Guinness-a... hori ere, ez zen horrenbesterainokoa... 12 hilabete hauetan egindako bidaia guztietatik, esan behar dut hartu nuen garagardorik onena ez zela izan Belgikan, ezta Irlandan ere, Bolzano-n baizik, etxean egindako garagardo zoragarria (eta hitz ematen dizuet garagardo asko dastatu dudala denbora honetan Innocent).

Guinness - Dublin

Dublineko argazki gehiago #l365m blogean

Egonaldi azkar honen amaiera oso traketsa izan zen, hegaldi kontuak zirela eta, azkenean Alemaniako aireportu bateko hotel triste batean gaua pasa eta Bilbora itzultzeko zailtasunak handiak zirela eta, Parisera joan eta handik trenez amaitu nuen bidaia, bi egun Dublinetik itzultzeko 3 eguneko egonaldi baterako... eta hor esan nuen nahikoa zela aurtengorako. Hortik aurrera, hegazkinik ez dut hartu aurten.

 

Antolatutako topaketak eta jardunaldiak

Aurten, bidaiez gain, antolaketaren urtea izan da niretzat. Lehenago laguntzaile aritu nintzen urteroko Moodlemoot Euskaditan, baina aurten formatu desberdinak proban jartzeko okasioak izan ditut eta asko ikasi dut estilo desberdinetako topaketak antolatzeaz. Bakarrik estekak jarriko ditut:

 

  • Kfe-ak: Kfe03 izan zen Kfé Innovación-en lehen egoitzarteko saiakera. 2011ko martxoaren 15ean, Mikel Agirregabiriarekin batera koordinatu nuen Getxon. Ondoren, kfe04 izugarri hedatu zen: guk pentsatzen genuen ez zela oso arrakastatsua izan hirugarrena, baina laugarrenean 4 egoitzatik 55era pasa ginen, eta oso lanpetuta banengoen ere, Donostian bat atera behar genuela garbi nuen, eta Luistxo Fernandez liatu nuen (mila esker!). Donostiakoa euskaraz izan zen, gaztelaniaz ez zen lehen egoitza, eta eleaniztasunaz hausnartzeko aitzakia izan zen, bide batez. Orain, 2012ko urtarrilaren amaieran, kfe05 dator... eta oraindik ez dut pentsatu ere egin nola, norekin... Gipuzkoan egiteko interesa baduzu, mesedez, esan eta lagunduko dizu(e)t antolatzen ;-)
Artikuluak:

  • PBL jardunaldiak: AEBetarako bidaiaren inguruko iruzkin eta aipuen eraginez, Twitterren 2010aren amaieran Proiektuetan Oinarritutako Ikaskuntza (PBL) hizpide izaten hasi ginen... gauza batek bestera eraman zuen... eta azkenean PBL eta Metodologia Aktiboen estatuko I Jardunaldiak antolatu genituen Donostian. Jardunaldi hauek formalak izan ziren, alegia, euren egiaztagiriak, argitalpenak eta abar guztiak izan zituzten eta niri oso baliagarriak egin zitzaizkidan Donostiako Irakasleen Unibertsitate Eskolan eta oro har, UPV/EHUn halako gauzak nola antolatzen diren ikasteko. Une honetan liburuan lanean gabiltza, paperezko argitalpena eta argitalpen elektronikoa egingo baitugu jardunaldi berezi hauek direla eta. Honetaz:
 
  • Creanova Conference 2011: hau izan da antolatutako biltzar guztietatik formalena. Creanova Europar Proiektuaren amaiera eta Creanova Elkartearen hasierako biltzarra izan zen eta biltzar honen aurretik Creanova Proiektua ixteko azken bilera egin genuen Leioan, lan handia oso denbora laburrean. Creanova Conference Creativity Zentrum-ek antolatu zuen, baina proiektuko koordinatzaile nagusi gisa eta gainera, egoitza Bilbon izanik, ardura asko nituen. Besteak beste, bloga eramatea egokitu zitzaidan, hiru hizkuntzatan: http://creanovanet.org/conference/
Results presentation

Zoritxarrez, biltzar honen inguruko blog-artikulua idazteko denborarik ez dut izan... eta zeresan handia nuen, baina lana guztiz pilatu zitzaidan :-(. Besteak beste, tartean Moodlemoot Euskadi 2011, Educared (Madril) eta Moodlemoot Spain 2011ren antolaketa etorri zitzaizkidan gainera, proiektuaren itxitura eta irakasgai guztietako klaseekin batera. Baina oraindik buruan dut artikulu bat bertan izan genuen "Serious Games" LEGO joko serioekin lotuta. Hona argazki batzuk: http://www.flickr.com/photos/12186644@N08/sets/72157628080752222/
 
  • Moodlemoot Spain 2011: urtea amaitzeko, Mertxe J. Badiolarekin batera koordinatu nuen abenduaren 14 eta 15ean izan zen jardunaldi berezi hau. Honetaz duela gutxi idatzi dudanez, bi post hauek irakurri baino ez dago:
ft_eie11 ftgf

 Bestelakoak

Lan handiko urtea, zalantzarik gabe. Beste hainbat jardunaldi eta topaketetan hartu dut parte: Creativity Meeting Point Bilbon, Ekintzailetasunaren inguruko focus group pare bat, IKTen jardunaldiak Iruñan, Irakasle txiolarien Bilboko kdd, PBL metodologiaren inguruko aurkezpenak, Donostiako Zinemaldiko Tribu 2.0ko proposamena, Educared ponentzia birtuala konektibismoaz, Laudioko saioa IKTak eta Hezkuntza hizpide, oraindik idazteko dudan Jolasean (Bideojokoak eta Hezkuntza) topaketa, #l365m blogeko kdd Madrilen... eta gogoratuko ez naizen besteren bat.

 

Horrez gain, proiektuak tutorizatzen jarraitu dut, Komunikazio Gaitasunaren irakasgaia Lehen Hezkuntzako Graduan, Esperientzia Gelan Literatura utzi eta Lengua ematea (blogari eutsi diogu, hala ere: http://laliteraturaesuntesoro.blogspot.com). Gainera, aurten masterreko memoria pare bat birtualki tutorizatu dut Jaen-eko Unibertsitatean lehen aldiz (Máster en Lingüística Aplicada a la Enseñanza del Español como Lengua Extranjera (MLAEELE), oso esperientzia polita eta aberasgarria. Ekintzailetasunari lotutako formazio-saretze proiektu batean ere aholkulari ibili naiz, Creanova proiektuaren ondorioz.

 

Hau dena gutxi balitz bezala, pertsonalki eta blog honi lotuta, gogorra izan da hemen argitaratutako artikulu batengatik salaketa jaso nuelako eta epaiketa lehendabizi penaletik eta gero zibiletik pasa behar izan baitut. Penala zalantzarik gabe pasata ere, zibilerako indar eta gogorik ez eta adostasuna sinatu nuen artikulu hori ez berriz argitaratzeko. Pena, ze niretzat oso artikulu kuttuna zen... Lege-kontu hauen ondorioz, haurra eskolaz aldatu behar izan genuen, baina, zorionez, amesgaizto hori amaitu da eta eskola berrian askoz hobeto dago. Eskerrik asko Jorge Campanillas eta Iurismatica-ri denagatik, bihotzez.

 

Eta 2012rako, zer?

Hitz bakar bat: TESIA!!!!!! 2012. urtean tesia irakurri behar dut eta, hortaz, gainerako ekitaldietako erritmoa erradikalki jaitsi behar dut. Horregatik, gonbiteren bati ezezkoa ematen badiot, ez harritu. Asko dut jokoan eta gainera, une ona da hainbeste korrika egin ostean arnas pixka bat hartu eta ikerketan sakontzeko.

Ez baitizuet esan orain arte artikuluan 2011 izan dela 40 urte bete ditudan urtea!!!! Hemendik aurrera, polikiago eta sakonago, ezinbestez ;-)

Urte Berri On!

 

Azken berriak

Moodlemoot Spain 2011 #mootes11: (e-)Ikaskuntza Birtualaren kritika

[Artikulu hau aurreko honen jarraipena zen baina zatitu dut luzeegi ez jotzeko]  

 

Aurtengo Moodlemootean, tailer, topaketa eta aurkezpenak izan ditugu urtero legez, zeinetan alderdi teknologiko eta diseinu didaktikoko gorabeherak jorratu diren. Interes berezia piztu dute eskuko telefonoetarako diseinu eta aplikazioek, baita edukien antolaketarako programa eta tresnek: eXe, Wikieducator, GoogleDocs, LAMS... Portfolioak, kalifikazioak eta ebaluaziorako tresnek ere, aurreko urteetan bezala, hartu dute lekua.

 

Halakoetan, ikuspegi zatikatua proiektatzen da eta ez diogu denbora askorik eskaintzen planteamendu orokorrari. Horri aurre egiteko, aurtengo jardunaldietan Juan José Calderón @eraser gonbidatu genuen, Sevillako Unibertsitatekoa eta blogari aktiboa (e-learning-teleformacion.blogspot.com), oso ezaguna bere ikuspegi kritikoagatik. Bere bisita baliaturik, bere hasierako ponentziak zabaldutako bidea jardunaldien amaieran ixteko mahai bat antolatu genuen sareko hainbat pertsonaren artean jorratzen gabiltzan proiektuaren hastapenen berri emateko.

 

Hona hemen @eraserren ponentzia:

"El hacedor de mapas vs. los hacedores de mapas... los territorios históricos"

Moodlemoot plataforman zabaldu zen eztabaida: http://www.moodlemoot.net/2011/course/view.php?id=9 (zabalik bisitarientzat)

Ponentzia, mahaia eta gainerako bideoak ikusteko:   http://www.ite.educacion.es/mediateca/742-moodlemoot-2011

 

Laburpen gisa, hauxe azpimarratu nahi nuke neronek (e-)ikaskuntzaren inguruan, @eraserrekin hainbat eztabaida izan ondoren: 

  • e-ikaskuntza globalizazio masiboaren arriskupean dago. Munduko unibertsitate handiek apustu garbia egin dute mundu osoko ikasleak erakartzeko. Oso denbora gutxian nagusitu den konektibismoaren teoria, printzipioz sarean berdinen artean ikastearekin lotutakoa, MOOC izenekoetan inplementatu izanak globalizazio-susmoak baieztatu ditu. Oraintxe justu ikusten ari naiz MITen erreferentzia hau pasatzen hainbat tuitetan: http://gigaom.com/2011/12/19/mits-new-online-courses-target-students-worldwide/ (@kortabitarte-rena bertuiteatu dut). MIT akreditazioa ematen hastea bere online formazioan, munduko unibertsitate-sistemari hordago argia da. Milaka ikasle ikastaro "masibo" baten barruan ikasteak konektibismotik baino gehiago, masibotasunetik dauka. Non geratzen da meganodo horietan norbanakoaren hitza? Norbanakoaren identitatea? Norbanakoaren jatorrizko komunitatea? Honetaz luzeago aritu nintzen beste artikulu honetan: EDEN Dublin 2011 eta nire kezka nagusia da e-ikaskuntzaren etorkizunaren inguruan.
  • e-ikaskuntza formalak estandarizazioarekin duen obsesioa ez da sanoa. Edukiak eta ebaluazioa estandarizatzeari eskaintzen zaizkion baliabide ekonomiko eta pertsonalak neurrigabeak dira, zentzu handirik ez duen zerbaiten bila: denok gauzak berdin egin beharra. Zertarako egingo ditugu denok gauzak berdin, denak desberdinak bagara? Ez ote da jakintzaren ikuspegi bakarra erakusteko? Non geratzen da hain dotore eta hain maiz aipatzen den "ikaskuntza pertsonalilzatua? Scorm paketeetan???
  • Jarduera baldintzatuek ez dute zentzurik ikaskuntza-prozesua sakonean ulertuz gero, baina are gutxiago sarean ikastea bada ikaskuntza formalaren azken jomuga. Ikaskuntza pertsonalizatua jarduera baldintzatuetan oinarritzea akats teoriko larria da, eta hori praktikan nabarmen ikusten da. Ikaskuntza ez da lineala eta zeregin bat ondo ez egiteak ez du esan nahi jarduera konplexuagoak egiterik ez dugunik, ezta jarduera-mota bera behin eta berriz errepikatu behar dugunik. Interneten aurreko autoikaskuntza-ereduetan ere aspaldi egin zen horren gaineko kritika. Autoikaskuntzarako diseinatu nuen lehen gunean, oker ez banago 1997an, ordurako baztertuta genuen ikasteko modu hori eta ikaslea bere ibilbidea egiten ikastea zen tutorizazio-orientazioaren gakoa, eta ez irakasleak edo makina batek erabakitzea zeregin bat errepikatu behar duen ala ez.
  • Ikaskuntza formala eta e-ikaskuntza horren barruan ulertuta, disneytu egin da. Eskoletan egiten denak ez du zerikusirik jakintzaren errealitatearekin. Esan daiteke eskolak jakintzaren parke tematiko direla, eta ikasleak turista artalde aspertu bihurtu ditugula. Nire semeak dioen moduan (11 urterekin), "nire ikaskideek klasekoa baino ez dakite, ez dakite asko errealitateaz" eta, eransten dut, ez dute pasiorik erakusten ikasteko. Ikasgelak pasio hori akabatzen du, orain arte testuliburuen bidez eta hemendik aurrera eduki enpaketatuen bidez. Testuinguruaren errotik erauzitako jarduerak, instrukzioan oinarritutakoak, dena "oso polita" eta oso perfektua eta segurua. Errealitatea anbiguoa da, ezegonkorra, normalean "onek" galtzen dute eta interpretatzea eta iragaztea ezinbestekoa da botere handiek arrastaka eraman ez gaitzaten. Ikaskuntza-prozesuetan ez badago jakintzan tentsiorik, ez dago jakintzarik, kontsumo hutsa baino ez.
  • e-ikaskuntzarako materialgintza diseinatzaile eta adituengan delegatzeak irakaslea ahuldu baino ez du egiten. Zenbat eta gorago igo edukien listoia, orduan eta ahulagoa izango da irakaslearen indarra. Irakaslea erosoago senti daiteke lan hori delegatzen duenean, baina urrundu egiten du ikaskuntza-prozesuen zentzutik. Hau ez da berria eta aurreko puntuarekin erabat lotuta dago, baina irakasle-aplikatzailea, hain ohikoa e-ikaskuntzan, ikaskuntzaren mekanizazioaren pieza bihurtzen da.
  • Jakintza zatitzeak jakintzaren suntsiketa dakar. Diziplinak, irakasgaiak... eta orain gaitasunak. Gutxitan topatu naiz gaitasunen inguruan serio eta sakon eztabaidatzeko moduan dauden irakasleekin, eta badirudi kontua dela gaitasuna - zeregina - ebaluazioa - kalifikazioa lerro horizontal independenteetan mugitzea e-ikaskuntzan, akreditazioari begira. Areago, kalifikazioa errubriketan oinarritzen diren kasuetan beharbada erradikalagoa da zatiketa: mikrogaitasuna adierazleetan zatitu eta adierazle bakoitzean lortutako kalifikazioaren baturan oinarritzea gaitasun horren ebaluazioa. Kalkulu-orria zutabez eta lerroz betetzen da eta hala, ebaluazioa "objektibotu" egiten da. Horrela egiten dena da ebaluazioari zentzua guztiz lapurtu eta sistema mekanizista legitimatu.
  • e-ikaskuntzaren aroa gainditzeko garaia iritsi da. M-learning, e-learning, b-learning... edozein ikaskuntza-prozesutan daude (edo egon beharko lukete) sarea, eskuko telefonoa, ordenagailuak, webguneak, blogak, wikiak, sare sozialak eta abar. Egoera berriak teoria berriak eskatzen ditu, kontzeptualizazio berriak. Sarean ikastea ez da "gauza bera baina masiboagoa", oso kontu desberdina baita. Sareak, lehen aldiz, aukera ematen dio jakintza lokalari zeresana izan dezan globalean. Globalean sortzen diren teoriei itsumustuan segitzen badiegu, ezer gutxi egingo dugu globalizazio erradikalaren aurrean. Ikaskuntza-metodologia eta teoria berrietan hasi behar dugu lanean, berandu baino lehen.

 

Kritika honetatik abiatuta jarri gara lanean Moodlemoot-ean #transrev edo #zehariraultza gisa izendatu dugunari itxura ematen. #Glokalizazioa eta #ikaskuntza biak #identitatea eta #komunitatea-ri loturik sarean, ikuspegi sozio-kulturala eta psikopedagogikoa modu integratuan landuz baina ihes-lerroak bilatuz, era berean.

 

Artikulua amaitzeko, bideo hau utzi nahi dizuet, Moodlemoot-eko azken mahaian Jordi Adell-ek egindako aipamen batetik sortutako eztabaidaren ostean Adell-ek berak gomendaturik. Espero dut zuen gustuko izatea ;-) 

 

Honekin lotuta dauden beste bi artikulu blog honetan: 

 

Hausnarketak eta ideiak

Artikulu gehiago...

Orria: 1 Guztira: 27

Stop SOPA